Tronu jokoa Adriatikoan

Game of Thrones. Irudia: HBO

Game of Thrones. Irudia: HBO

‘Erregearen lehorreratzea’ da Game of Thrones fantasia sagaren geografia imaginarioak duen hiriburua. ‘King´s Landing’ edo ‘Desembarco del Rey, hain zuzen. Bertan dagoen burdinezko tronuan eseritzen da zazpi erreinuak menderatzen dituen erregea. Irudimenezko geopolitika eta familien arteko tirabirak ederki irudikatu ditu George R. R. Martinek bere eleberrietan, eta horren inguruan HBO kate estatubatuarrak egindako telesailak eleberriek sustautako arrakasta handitu baino ez du egin.

Mundu errealean, noski, ez dago “Erregearen lurreratzea” topatzerik. Baina nobela sorta pantailaratzeko orduan ekoizleek Dubrovnik aukeratu zuten zazpi erreinuen hiriburua irudikatzeko. Egia da ordenagailuek haien lana ere egin dutela fantasiazko mundu hori eraikitzeko orduan, baina oinarrian Kroaziako harribitxiak dituen paisaia miresgarriak daude.

Adriatikoari begira dago Dubrovnik. Irudia: Juanma Gallego

Adriatikoari begira dago Dubrovnik. Irudia: Juanma Gallego

Hiria zinez ederra da, eta Historia maite duen edonork bereziki disfrutatuko du bere harrizko kale eta harresietan paseatzen. Adriatikoari begira, Dubrovnik eraso eta tirabira askoren jomuga izan da. Azkena orain hogei urte eskas izan zen, 1991an, Jugoslaviako gerran bonbardaketa lazgarria nozitu zuenean. Alde Zaharraren eraikinen %68ak kalteak izan zituen, guztira 10 mila miloi dolarreko galera sorrarazita. Telebista bitartez ikusi ahal izan zen mundu osoan eta ia zuzenean marmolezko hiri barroko dotorea nola desegiten zen pixkanaka. Guda amaitu bezain laster, ordea, hiria berreraikitzeari ekin zioten eta gaur egun oso txikiak dira haren harrietan ikusgai diren kalteak.

Jugoslaviako armadaren bonbardaketa izan zen 1991ean. Irudia: Juanma Gallego

Jugoslaviako armadaren bonbardaketa izan zen 1991ean. Irudia: Juanma Gallego

Ez da, noski, telesaiak aukeratutako lokalizazio hunkigarri bakarra. Invernalia irudikatzeko Irlandako basoak aukeratu zituzten eta Daenerys Targaryen eta Dothraki herriaren ibilbide traketsua pantailaratzeko, berriz, Marokkoko basamortuak. Harresiatik haratago dagoen mundu izoztuak, ordea, Islandia du abiapuntua. Izan ere, benetako irudimenezko paisaiak hor kanpoan daude beti, gure begiekin dastatuak izateko zain.

Utzi erantzun bat

Geografia, Historia Garaikidea atalean

Sabai astronomikoak

Karakhamon

Karakhamon apaizaren hilobia. Irudia South Asasif Conservation Project

Sei mila alez osaturiko puzzlea egiteko pazientzia asko behar da. Baina arkeologoen lana horrelakoa da gehienetan. Pausuz pausu eta kontu askorekin egin beharreko lan nekeza. Baina denborarekin bere fruituak ematen dituena.

Horrenbeste ale solte Egiptoko XXV. dinastiako hilobi batean topatu zituzten 2010ko abuztuan. Sabai astronomiko bat zen, baina guztiz txikituta zegoen. Karakhamon izeneko apaiz baten hilobia zen hura, Luxorren dagoen Asasif-eko nekropolian kokatuta. Ordutik sabaian margotutakoa berreskuratzen aritu izan da Kanariar uharteetako La Laguna unibertsitateko irakaslea den Miguel Angel Molinero egiptologoa. Oraindik ere bukatzeko dagoen lana da, ordea.

Mota horretako sabaiak oso lagungarriak dira antzineko egiptoarrek zituzten astronomia ezagutzak norainokoak ziren jakin ahal izateko. Astronomiari buruzko pergaminorik ez da inoiz topatu, eta sabai hauek dira zientzia honen inguruan utzitako aztarna bakarrak.

Normalean izarrak eta konstelazioak agertzen dira holako margoetan. Karakhamon apaizaren hilobian Nut jainkosa agertzen da margoaren erdian, Esne Bidearen errepresentazio gisa.

Ez da mota honetako sabai bakarra. XVIII. dinastiako Senenmut-en hilobia da hoberen kontserbatzen den beste sabaietako bat. Hatsetsup erreginarentzat lanean aritu zen arkitektoa izan zen Senenmut eta orain arte Egiptoko astronomiaren inguruan egin diren ikerketa gehienen abiapuntua izan da.

Askotan kontrakoa uste bada ere, antzineko egiptoarren astronomia ez zegoen gehiegi garatuta. Horretan oso praktikoak izan ziren, eta astronomia behaketak gehienbat egutegia osatzeko eta Nilo ibaiaren ur-goraldiak aurreikusteko erabili zituzten.

Utzi erantzun bat

Antzinako zibilizazioak, Egipto atalean

Espazioko lasterketa berria

Antares kohetea. Irudia: NASA

Antares kohetea. Irudia: NASA

Antares koheteak zerua ukitu berri du. NASAk Wallop uhartean duen instalazioetatik jaurtiki dute, baina hala ere hegaldi horrek badu berezitasunik. Orbital Sciences korporazioa izan da bai kohetea eraiki eta espaziora bidali duena. Konpainia pribatu bat.

2011aren uztailean NASAk bere transbordadoreak erretirora bidali zituenean, espazioaren esplorazioaz arduratzen den AEBetako erakunde horren agintariek argi zuten ideia bat: esku pribatuetan utzi behar zen espazioan negozioa egiteko aukera. Horrela inbertsio handien beharra duen astronautikan estatubatuarrek lehian jarraitzeko aukera izango zuten.

Konpainia bakar batzuk aritzen dira espazio lasterketa berri horretan. Orbital Sciences horietako bat da, baina aurretik ere izan da beste arrakastarik. Goiztiarrena SpaceX izenekoa izan da. Bere Dragon kapsula erabilita, PayPal-en sortzailea den Elon Musk-ek gidatutako enpresak  2012ko urrian tona erdiko kargamentua eraman zuen Nazioarteko Espazio Estaziora. Une historikoa izan zen hura: lehen aldiz sektore pribatuak gidatutako misio batek espazioan goi mailako operazio erreala burutu zuen, arrakasta osoarekin gainera.

Espazioaren esplorazioa, orain arte ezagutu dugun moduan desagertzera kondenatuta dago. Aktore berriak jokoan sartu dira, eta haien presentzia eta eragina gero eta handiagoak izango dira. NASAk gehienbat espazio-garraioan lagunduko duten espresak bilatu ditu bere ‘Commercial Crew’ izeneko programaren baitan, eta hurrengo hilabete eta urteetan SpaceX eta Orbital Sciences enpresez gain Blue Origin, Boeing eta Sierra Nevada Corporation ikusiko ditugu.

 

Antares Rocket Test Launch (201304210006HQ)

Antares kohetearen jaurtiketa. Irudia: NASA (CC BY-NC 2.0)

Utzi erantzun bat

Zientzia atalean

Biharko gudariak

BigDog. Irudia: Boston Dynamics

BigDog. Irudia: Boston Dynamics

Agindu katean goien dagoen militar ororen ametsa da. Beldurrik gabekoak. Nekaezinak. Eta, agian kezkagarriena, kontzientziarik gabeko soldaduak. Aginduak berehala eta bitan pentsatu gabe betetzen dituztenak.

Ez da zientzia fikzioa, errealitate gordina baizik. Ate joka dugun etorkizun hurbila. Robotek gero eta presentzia handiagoa izango dute gure gizartean. Onerako eta txarrerako. Etxeko alfonbrak garbitzen dizkizun roomba etorkizun horren aitzindaria da. Afganistanen eta beste zenbait lekutan une honetan bertan operazio militarrak burutzen dituzten droneak ere horren adibide bikainak dira.

Droneak hasiera batean zaintza eta espioitza lanetarako baino ez ziren erabiltzen, baina denborarekin militarrak konturatu ziren gailu horiei arma bat ipinita izugarrizko aukerak irekitzen zirela. Momentuz drone horiek gizaki baten kontrolpean aritzen dira beti, baina Ameriketako Estatu Batuetan aspaldi ari dira eztabaidatzen noiz eta nola utziko zaien erabaki autonomoak hartzen.

Baina droneez haratago, dudarik gabe iraultza handiena eragingo duten gailuak lurrean aritzen direnak dira. Massachusetts Institute of Technology (MIT) ospetsuan ernai zen Boston Dynamics enpresa da arlo horretan orain arte aurrerapen gehien plazaratu dituena. Mota guztietako robotak sortu dituzte, bakoitza trebetasun batez jantzia. Adibidez LS3 eta BigDog izenekoak zama astunak eramateko sortuak dira. SandFlea hirietako paisaia traketsetan saltoka aurrera joateko gai da, eta landa eremuetan RHex bere lehengusua da txukunen aritzen dena. RiSE izenekoak eraikinak eskalatzen ditu arazorik gabe eta Cheetah abiadura bizian ibiltzeko gai da. Ezagutarazitako azkenak, Petman, gizaki baten antza dauka eta diotenez babes kimikoa emateko arropa testatzeko sortua da.

Boston Dynamics militarrentzako teknologia garatzen duen DARPA agentzia estatubatuarrarekin eskuz esku aritzen den enpresetako bat da, baina ez da inolaz ere bakarra. Momentuz eraso egiteko gaitasunik ez zaie aitortu errobot hauei, baina zalantzarik ez dago droneek izandako ibilbide bera egingo dutela. Egunen batean, tiro egiteko aukera emango zaienean, teleberrietako titularretan izango ditugu. Ahalik eta beranduen, espero.

Utzi erantzun bat

Zientzia atalean

Gioconda berria

Madrilgo El Pradoko museoan dago Gioconda berria.

Madrilgo El Prado museoan dago Gioconda berria.

Aldi berean margotu ziren biak. Tailer bakarrean. Maisua eta ikaslea eskuz esku aritu ziren zeregin horretan. Maisuak margolanaren sortze prozesuan atzera egiten zuenean gauza bera egiten zuen ikasleak. Horrela sortu ziren bi Gioconda ezberdin. Oso patu ezberdina izan zuten koadroak izan ziren, ordea.

Batak ospe handia eskuratu zuen eta ikono unibertsala bilakatu zen. Mona Lisa Louvreko izarra da oraindik ere. Bigarrenak, aldiz, distira handirik gabe eman zituen bere urte gehienak Madrilgo El Prado museoan erakusten diren 1.300 artelanen artean. Bazterketa horren arrazoia: kopia hutsa omen zen.

Baina ez.

2010an El Pradoko adituek artearen historia irauli zuen aurkikuntza egin zuten. Giocondaren kopiatzat jotzen zen koadroa zaharberritzeko lanak hasi zituztenean paisaia bat igartzen hasi zen fondo beltzaren atzean. Ezinezkoa zen, baina hala ere hor zegoen. Erreflektografia izeneko teknikaz egindako esplorazioak hor behealdean zeozer berezia egon behar zela erakusten zuen. Ondoren egindako garbiketak hipotesi hori baieztatu zuen. Norbaitek aspaldi geruza beltz batez estalia zuen Lisa Gherardiniren atzealdean zegoen paisaia izugarria.

Ana Gonzalez Mozo eta Almudena Sanchez El Pradoko adituek bi urte lanean eman zituzten margolanak orain dela bost mende zuen antzeko itxura berreskuratu arte. Almudena Sanchez zaharberritzailearen iritziz Leonardo Da Vincik oso argi zuen hasieratik berak egindako Gioconda ez ziola inoiz emango erretratuaren eskaria egina zuen Francesco del Giocondori. Leonardok Louvren erakutsitako Gioconda beretzako gorde nahi izan zuen. Emakumearen irudiaren idealizazioa egin zuen Toscanako artistak.

Peio H. Riaño kazetariak ‘La otra Gioconda’ (Debate) liburuan aurkikuntza zoragarri horren inguruko kontaketa bizia eta interesgarria egin du. Leonardoren artelanik famatuena ezagutzeko parada ematen du kontakizunak baina baita artearen mundu hertsira hurbiltzeko bidea eman ere.

Irudia garbitu ostean originalarekiko antza asko handitu da. Irudia: Louvre / El Prado / Juanma Gallego

Irudia garbitu ostean originalarekiko antza asko handitu da. Irudia: Louvre / El Prado / Juanma Gallego

Utzi erantzun bat

Artea, Historia atalean

Alcatrazen erretiroa

Zaintza zorrotza zegoen Alcatrazen. Irudia: Juanma Gallego

Zaintza zorrotza zegoen Alkatrazen. Irudia: Juanma Gallego

Ia hiru hamarkadaz Ameriketako Estatu Batuetako gaizkilerik arriskutsuenak bertan eman zituzten haien erruak penatzeko urteak. Al Capone, George “Machine Gun” Kelly edo Robert Stroud bezalako preso ospetsuek kartzela horren inguruko mitoa zabaltzen lagundu zuten. Orain gutxi 50 urte bete dira ‘Deabruaren Uhartea’ eta ‘Harkaitza’ izenez ere ezagutu zen leku horretan eraikitako penala bertan behera utzi zutenetik.

Arras zaila da aurkitzea segurtasun handiko presondegi bat eraikitzeko leku aproposagorik. San Frantziskoko badiaren ur izoztuen erdialdean kokatuta eta korronte indartsuez inguratuta, uharteak berehala bereganatu zuen militarren arreta. Horrela, 1847an San Frantziskoko badia defenditzeko kanoiak ezarri zituzten Alcatrazen eta Ozeano Bareko kostaldeko lehen itsasargia ere bertan eraiki zuten. Urrearen sukarra deitutakoa puri-purian zegoen garai horretan, eta militarrek kosta ahala kosta Kalifornia babestu nahi zuten.

Urteren poderioz, ordea, Alcatrazen jarritako forteak bere zentzu estrategikoa galdu zuen. Balistikan izandako aurrapenek gotorlekuaren balioa gutxitu zuten. Baina XX. mendean agintari estatubatuarrek segurtasun handiko kartzela eraikitzea erabaki zuten.

Bertan ziren presoek herrialde osoko baldintzarik gogorrenetan bizi ziren. Beste kartzeletan batazbestez 12 presoko goardia bat bazegoen ere, Alcatrazen hiru presoko goardia bana zegoen. 90 zaindari inguruk egunero hamabi kontaketa egiten zituzten eta diziplina arazorik txikiena agertzen zuten presoak berehala isolatze ziegetara bidaltzen zituzten.

Horrenbeste segurtasun neurriek, ordea, ez zuten gutxitu zenbait presoek alde egiteko zuten nahia. 36 preso ihes egiten ahalegindu ziren 14 saiakeretan. Horietatik 23 atxilotuak izan ziren, sei tiroz hil zituzten eta beste lau uretan ito ziren. Baina mende erdia igaro bada ere, oraindik ere ez dago argi zer gertatu zen gainontzeko hirurekin. Frank Morris eta Anglin anaiek ihesaldia burutu zuten 1962an. Behin betirako desagertu ziren. Aditu gehienek uste dute onik ateratzerik ez zutela lortu, eta San Frantsizkoko badiaren ur hotzetan ito zirela. Baina haien gorpuak aurkitu ez zirenez, ezinezkoa da jakitea ihesaldiak arrakastarik izan ote zuen ala ez.

Gaur egun eraikina bisita daiteke. Irudia: Juanma Gallego

Gaur egun eraikina bisita daiteke. Irudia: Juanma Gallego

Utzi erantzun bat

Geografia, Historia, Historia Garaikidea atalean

Gasteizko kondairak gauez

Gasteizko gaua San Vicente elizatik. Irudia: Enrique Echazarra

Gasteizko gaua San Vicente elizatik. Irudia: Enrique Echazarra

Ahozko tradizioek ondare bitxia sorrarazten dute beti. Ondare hori, hala ere, ez da ikusten. Ezkutaturik dago, gehienetan leku historikoetan txertaturik. Baina argazkirik atera ezin badakioke ere, hor mantentzen da urteetan zehar, norbaitek kanpoko geruza kendu eta barrenetik altxor hori topatu arte.

Zeregin horretan aritu izan da aspalditik Enrique Echazarra gasteiztarra. Tradizio eta misterioak ikertzen aritu da urte askotan zehar. Orain bere ezagutzak tartekatzeko bide orijinala eta interesagarria martxan jarri du: Gasteiz gauez bisitatzeko txangoak.

Gasteizko alde zaharrean dauden hainbat tokitara egiten den bisitaldi historikoa da, beti ere gauez kontatzeko moduko istorioez lagunduta. Misterioak, tradizioak eta kronika beltzak protagonismo osoa dute txangoetan.

“Istorio guztiek interes handia pizten dute”, azaldu digu Enrique Echazarrak, “baina bi dira bereziki bisitaria gehien hunkitzen duten kontakizunak. Batetik aspaldian San Frantziskoko komentua zegoen lekua, orain Ogasun-Ordezkaritza dagoen eraikina, eta bertan izaten diren ustezko gertaera arraroak. Eta bestetik Gasteizko Sacamantecas gaizkilearen istorioa, Araba osoa kezkaren kezkaz mantendu zuen serie-hiltzailea, Jack The Ripper baino lehenago aritu izan zena”.

Bisitaldiek arrakasta handia lortu dute bai Gasteizko biztanleen artean zein kanpoko bisitariei dagokienez ere. Aukera polita, beraz, ukitu ezina den ondarean beste era batean murgiltzeko. Eta, zergatik ez, hotzikarak sentitzeko ere.

Villasuso Jauregia, bisitatzen den lekuetako bat. Irudia: Enrique Echazarra

Villasuso Jauregia, bisitatzen den lekuetako bat. Irudia: Enrique Echazarra

Utzi erantzun bat

Historia atalean

Dachau ahaztu ezinik

200.000 lagun inguru egon ziren Dachaun. Irudia: Juanma Gallego

200.000 lagun inguru egon ziren Dachaun. Irudia: Juanma Gallego

Munizio fabrika ohi batean egin zuten, Munichetik 16 bat kilometrora. Agintari naziek ez zuten ezkutatu. Alta, lau haizetara zabaldu zuten eremu horren berri. Naziek martxan jarritako lehen kontzentrazio-esparrua 1933ko martxoan eraiki zuten, orain dela 80 urte hain zuzen, Heinrich Himmler SSetako buruzagiaren aginduz. Dachau ondoren eraikiko ziren beste esparruetarako eredutzat jo zuten gainera. Bertan atxilotu zituzten komunistak, homosexualak, judutarrak, ijitoak, Jehovaren Lekukoak edota nazismoaren kontra zauden apaiz katolikoak ere. “Delitu” bakoitzaren arabera presoek identifikazio ezberdina eramaten zuten.

Auschwitz edo Treblinka bezalako toki madarikatuak ez bezala, Dachau ez zen berez sarraski-esparrua. Hala eta guztiz ere, bere instalazioetatik pasatu ziren 200.000 lagun ingurutik ofizialki 31.531 hilik atera ziren, bai goseak jota edo zuzenean eraildak. Baina dudarik gabe Dachau bereziki krudela izan zen bertan burutu ziren mediku esperimentuak zirela eta. Hitlerren erregimenaren alde aritzen ziren zientzialari eta medikuek mota guztietako basakeriak egin zituzten Dachaun ziren presoak akuri gisa erabilita.

Alemaniako soldaduak muturreko baldintzetan zeudenean laguntzeko asmoz burutu omen ziren saio horiek. Horrela, hegazkinetatik altuera handietan salto egin behar zutenean jasaten zuten deskonpresioa ulertzeko moduko esperimentuak egin zituzten, deskonpresio ganbara batekin antzeko baldintzak sortuz. Errusiako frontean soldaduek jasan behar zituzten tenperatura latzei aurre egiteko modua topatu nahian ere ibili ziren, eta horretarako hiru orduz izoztutako bainuontzietan mantentzen zituzten prisioneroak hipotermiaz hiltzen ziren arte. Itsasoaren ur gatza edangarri bihurtu nahi izan zuten ere, eta horretarako zenbait presori ur gatza baino ez zieten eman deshidratazioaz hil arte. Beste batzuei malaria edo tuberkulosia txertatzen zieten medikamentu berriak probatzeko. Esperimentuetan bertan hiltzen ez zirenak berehala akatzen zituzten SSetako goardiek. Ehundaka lagun hil ziren horrela.

Kanpokaldean, ordea, gerra aliatuen alde suertatzen ari zen, nahiz eta Dachaun zein beste hainbat kontzentrazio eta sarraski-esparrutan gelditzen ziren presoek oso zaila zuten horren berri izatea. 1945ko apirilaren 27an loratu zen itxaropena Dachaun oraindik bizirik mantentzen ziren 67.000 lagunentzat, baina bizitakoa ezin izango zuten inoiz ahaztu.

Eritasunak eltxoen bitartez txertatzeko asmakizuna. Irudia: Juanma Gallego

Eritasunak eltxoen bitartez txertatzeko asmakizuna. Irudia: Juanma Gallego

Utzi erantzun bat

Historia Garaikidea atalean

Andagoste, argitu gabeko bataila

Andagosteko bataila izan zen lekua. Irudia: Juanma Gallego

Andagosteko bataila izan zen lekua. Irudia: Juanma Gallego

Inork ez du espero, bere etxetik gertu paseatzen ari dela, Euskal Herriko Historiari buelta emango dion aurkikuntza arkeologikoa egitea. Baina horrela izan zen, hitz gutxitan, Jose Antonio Otxaran arkeologoari gertatu zitzaiona. Kuartangon izan zen aurkikuntza, 1997an. Erromatar itxurako zenbait arrasto topatu zituen Kuartangoko haranean, Andagoste izeneko bazter batean.

Arkeologoa izanda, indusketa burutzeko baimenak berehala eskuratu zituen, eta EHUko lantalde batekin bost urtez zonalde guztia arakatzen ibili zen. Emaitza izugarriak lortu zituen. Ez ziren tamaina handiko objektuak, ezta artelan ikusgarririk ere ez, baina hala ere garrantzi handia zuten. Otxaranek topatutakoak momentu horretara arte Euskal Herrian erromatarrek izandako presentziaz uste zenaren kontrakoa adierazten zuen. Sandalietako iltzeak, jaurtigaiak, gezi-muturrak… borroka baten adierazleak ziren. Erromatarrek bertoko biztanleekin orain dela bi milurteko izandako bataila bat, alegia.

Orain dela hamarkada asko erromatarrek Euskal Herrian izandako eragina hutsaren ondorengoa zela uste zuten askok. Baskoi petoak inbasorearen aurka zutik egon omen ziren beti. Baina ebidentziek kontrakoa erakusten zuten. Bereziki Iruña-Veleia eta Oiasson egindako arkeologia lanek buelta eman zioten egoerari. Erromanizazioa guztiz baketsua izan zela ondorioztatu zen.

Otxaranek egindako aurkikuntzak eztabaida hori erdiko gunean jarri zuen. Erromatarrek ez zuten arazo gehiegirik izan euskal lurraldeak menderatzeko, baina bertako biztanleekin tirabirak ere izan zituzten.

Zalantza ugari dago oraindik ere Andagosteko batailaren inguruan. Ziur dagoen bakarra da bertan borrokaldi bat izan zela eta antza erromatarrak galtzaile atera zirela. Baina liskar horren zergatiak eta garai horretan prestatzen ari ziren guda kantabroekin egon litezkeen loturak ez daude batere argi. Erantzuna, beti ere, landa eta mendien azpian dauden arrastoek baino ez dute emango. Zure hurrengo paseoan topatu ahal dituzun horiexek, hain zuzen.

Utzi erantzun bat

Antzinako zibilizazioak, Erroma, Euskal Herria, Historia atalean

Uranioa Garbigunean

Aiaran azaldutako uranioa. Irudia: Industria Saila / Juanma Gallego

Aiaran azaldutako uranioa. Irudia: Industria Saila / Juanma Gallego

Inork ez daki nola heldu ziren uranio-gatz horiek, baina Aiarako Garbigunean azaldu ziren. Non eta Garbigune batean. Kristalezko pote baten barruan zeuden, maleta metaliko batean sartuta, soilik kortxo eta aireko poltsa baten babespean. “No tocar, peligro”, erradioaktibitatea adierazten duen nazioarteko sinboloaz lagunduta.

2010ko ekainaren 28an Garbigunetik hartutako hondakinak kudeatzeaz arduratzen duen Ekonor enpresak uranio hori detektatu zuenean materiala Garbigunera itzultzea erabaki zuen. Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN) uranio horren inguruko ikerketa martxan jarri zuen orduan. Erradioaktibitate mailak naurtu ondoren, Aiarako Garbigunean azaldutako materiala hondakin erradioaktiboak kudeatzen dituen ENRESA enpresara bidaltzea erabaki zuen.

Orduko 1,3 mikrosiverteko erradiazioa neurtu zuten bertan azaldu ziren Eusko Jaurkaritzako ikuskatzaileek. Fernando Legarda EHUko adituak argitu zuenez, erradiazio maila horiek ez zuten aparteko arriskurik suposatzen.

Maleta hori gutxienez hamar hilabetez egon zen Garbigunearen instalazioetan, ENRESA eta Espainiako Industria Ministerioaren arteko kontratu bat oraindik ere sinatu gabe omen zegoelako. Gertakaria sekretupean mantendu izan zuten hasieratik, Sistema Tierra webgunean argitaratutako ikerketa batek publikora zabaldu zuen arte.

Utzi erantzun bat

Lurra, Zientzia atalean